Egonaldiak familia euskaldunetan

Jakina da Lazkao herriak duen tradizioa Euskal Herri osoko eta harantzagoko hainbat eta hainbat euskara-ikasle etxean hartzen. Hau guztia ez da atzo goizekoa; izan ere, 1974az geroztik dihardugu Udako Ikastaroak antolatzen. Hasierako urte haietan, ikasleek lazkaotarren etxeetan egiten zuten lo, familia euskaldunetan, alegia. Beti saiatu gara hizkuntza bero, goxo ... hitz batean, hizkuntza bizia irakasten. Izan ere, konbentzituta gaude eguneroko harremanak euskaraz izatea, eguneroko eginkizunak, txikienak izanda ere, euskaraz burutzea dela euskararen jabe modu eraginkorrean egiteko bidea.

Lazkao eta inguruak herri euskaldunak izanda, bertako familia euskaldunek hizkuntza-eredu ezin hobea eskaintzen diote ikasleari; eta, hain zuzen ere, hori da egitasmo honen bidez sustatzen duguna:

  • Ikaslea egoera naturalean, familia euskaldun batean biziz, euskaltegitik kanpo euskara erabiltzera bultzatu.
  • Euskaltegiko hizkuntza ereduez aparte, beste batzuk jarri ikaslearen eskueran.
  • Egoera naturaletan sortzen diren elkarrizketak ulertzeko gaitasuna lortu.
  • Ikaslearen auto-estima areagotu, eta euskaltegian ikasitakoa eguneroko harremanetan erabiltzeko gai dela ikusarazi.